Euskal Autonomia Erkidegotik elkartasuna Valentziako eta Kataluniako irakasleen grebari
CNT Bilbao Irakaskuntzatik gure babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diegu bi aste baino gehiago daramatzaten Valentziako hezkuntzako langileei, beren eskubideen eta hezkuntza publiko duin baten alde greban eta borrokan ari direlako.
Bestetik, Katalunian borroka dauden hezkuntzako langileei elkartasuna adierazten diegu, funtsezko gaiak faltsuki ixten dituzten akordioen aurrean

Azken egunotan argi geratu da gatazka honen muina ez dagoela administrazioak zabaldu nahi izan duen kontakizunean. Valentzian 30.000 irakasle baino gehiagok parte hartu duten kontsultan, irakasleen gehiengo zabalak uko egin dio Conselleriaren proposamenari, eta era berean grebari eta mobilizazioei eustearen alde agertu da. Horrek erakusten du administrazioak gatazka amaitutzat eman nahi duen arren, hezkuntza publikoaren aldeko borrokak babes sendoa izaten jarraitzen duela ikastetxeetan.
Administrazioek lan-kargen etengabeko hazkundea, lan-eskubideen galera, ikastetxeen narriadura eta hezkuntzaren merkantilizazio gero eta handiagoa normaltzat aurkeztu nahi duten garai honetan, Valentziako eta Kataluniako irakasleen erantzuna duintasunaren, antolakuntzaren eta borroka kolektiboaren erakusgarri eredugarria da.
Gaur greban daudenek ez dituzte beren lan-baldintzak soilik defendatzen. Gizartearen beharrei erantzuten dien hezkuntza publiko bat defendatzen dute, eta ez interes ekonomikoen menpe egongo den hezkuntza-sistema bat. Baliabide nahikoz hornitutako ikastetxeak aldarrikatzen dituzte, plantilla egonkorrak eta hezkuntza-lana duintasunez garatzeko moduko baldintzak. Finean, urte luzez murrizketen, pribatizazio-politiken eta erreforma atzerakoien erasoak pairatu dituen hezkuntza publikoaren alde ari dira. Bereziki esanguratsua da irakasleen gehiengoak baztertu izana Conselleriak ANPE eta CSIF sindikatuekin sinatutako akordio erretributiboa. Kontsultan parte hartu dutenen %94k uko egin dio akordio horri, eta antzeko arbuioa jaso dute ratioei, plantillei, hezkuntza inklusiboari, azpiegiturei eta bestelako neurri nagusiei buruzko proposamenek ere. Irakasleek argi utzi dute ez dutela onartzen gatazka itxurazko hobekuntza partzial batzuekin ixtea, hezkuntza publikoaren arazo estrukturalak bere horretan mantentzen diren bitartean. Kataluniaren kasuan, berriz, funtsezko gaiak (ratioak murriztea, curriculuma edo erosteko ahalmena galtzea, esaterako) faltsuki ixten dituzten akordioen aurrean borrokan jarraitzera animatzen dugu.
CNTn argi dugu ez gobernuek, ez alderdiek, ezta negoziazio-mahaiek ere ez dutela borondate hutsez emango langileok antolakuntzaren, mobilizazioaren eta borrokaren bidez eskuratzen ez duguna. Langile mugimenduaren historiak behin eta berriz erakutsi du gaur egun ditugun eskubide guztiak borroka kolektiboaren fruitu direla. Era berean, bereziki azpimarratu nahi dugu gatazka honetan asanbladen eta oinarrizko antolakuntzaren garrantzia. Hezkuntzako langileek erakutsi dute erabakiak behetik gora hartu daitezkeela, mobilizazioaren norabidea langileek eurek markatuta. Horixe da, hain zuzen ere, anarkosindikalismoak defendatzen duen bidea: autonomia, antolakuntza horizontala eta ekintza kolektiboa.
Horregatik, greba honi irmotasunez eusten ari diren kideen determinazioa eta konpromisoa aitortu eta txalotu nahi ditugu. Erresignazioaren aurrean, antolakuntza. Murrizketen aurrean, borroka. Hezkuntza negozio bihurtu nahi dutenen aurrean, elkarren laguntza eta klase elkartasuna. Muga administratiboek ez dituzte gure borrokak bereizten. Gaur Valentziako eta Kataluniako kideek aurrez aurre dituzten arazo berberak ditugu Euskal Autonomia Erkidegoan eta beste hainbat lurraldetan ere: lan-prekarizazioa, baliabide falta, pribatizazioaren aurrerapena eta hezkuntza publikoaren ahultzea. Horregatik ulertzen dugu greba hau borroka komun baten parte dela, zerbitzu publikoen defentsan eta langile klasearen eskubideen alde irekitako fronteetako bat.
CNT Bilbao Irakaskuntzatik besarkada anaiarteko eta solidarioa bidali nahi diegu greban parte hartzen ari diren guztiei, baita mobilizazioei eusten dieten asanblada, ikastetxe eta komunitate hezitzaile guztiei ere.
Eskubideak borroka antolatuaren bidez baino ez direlako eskuratzen. Elkarlaguntzak eta babesak baino ez gaituztelako indartsuago egiten. Valentziako eta Kataluniako kideen borroka gure borroka delako.
Gora klase elkartasuna!
Gora hezkuntzako langileen borroka