Maizterren sindikatuak batasun sindikal historikoa lortu du
«Bilera historikoa izan da». Hala definitu du Nieves Romanek, CNTko idazkari nagusiak, asteazken honetan, urriaren 7an, Estatuko lurralde guztietako sindikatuen artean egindako batzarra. CNT, CGT, Solidaridad Obrera, LAB, CCOO, UGT, Co.bas, Confederación Intersindical, Intersindical Alternativa de Catalunya, Intersindical Valenciana edota Unión de Actores y Actrices bezalako sindikatuek bat egin dute Maizterren Sindikatuaren deialdiarekin, «benetako greba orokorra, produkzioa gelditu eta dena geldiarazteko» antolatzeko.
Greba orokorraren aldarrikapenen artean daude «etxebizitzaren arazoari dagokionez langile-klasearen aldeko erreforma aurreratuak lortzea» eta «datozen hilabete eta urteetara begira borroka-aldi berri bat irekitzea, sindikalismoa erdigunean jarrita eta erreakzioa geldiarazteko gaitasunarekin». Greba egiteko data, azaroaren 11, Maizterren Sindikatuak proposatu bezala, txalo artean hartu zuten bertaratutakoek. Zoritxarrez, handik une gutxira, erabakiaren poza Mari Carmen hil izanaren albiste tristearekin kontrastatu zen; Maizterren Sindikatuak babestu zuen Mari Carmen, eta ekitaldian parte hartu zuten pertsona batzuek ere pertsonalki lagundu zioten.
«Esan genezake inoiz ez dela horrelako goi-bilerarik egin», baieztatu digu Juan Pablo Calero historialariak. «Pozteko modukoa da langile-mugimenduaren batasun zabalagoa lortzetik gero eta gertuago egotea. Sindikalismoa sektore guztietara iristea nahi dugu, gazteengana, migratutako biztanleengana eta tradizionalki zapalduak izan diren beste kolektiboengana barne», adierazi du Románek.
CNT sindikatua, gaur egun, bilerak egiten ari da —bai barne-mailan, bai kanpo-mailan— greba prestatzeko, eta, aurreikusten denez, egun gutxi barru emango du haren berri. «Oso ondo neurtu behar dugu legearen aldetik nola txertatzen den, beste erakunde batzuekin harremanetan jarri eta, garrantzitsuena dena, gure oinarriari kontsulta egin eta erabaki demokratiko bat hartu behar dugu, gure printzipio anarkosindikalistek agintzen duten bezala», amaitu du Románek.
