Ikuskizun eta ekitaldien sektoreak greba-egun berriak deitu ditu hiru Aste Nagusietan
- Sektoreko sindikatuek, tartean CNT Bilbaok, greba deitu dute abuztuaren 5erako (Araba), abuztuaren 14rako (Gipuzkoa) eta abuztuaren 26rako (Bizkaia), hiru hiriburuetako Aste Nagusiekin bat eginez.
- CNT Bilbaok sektoreko langileei grebarekin bat egiteko deia egin die, bereziki Bizkaian deitutako greban parte hartzearen garrantzia azpimarratuz.
Ikuskizun eta ekitaldien sektoreko hitzarmenaren negoziazio-mahaia osatzen duten sindikatuek greba-egun berriak iragarri dituzte Gasteizko, Donostiako eta Bilboko Aste Nagusietan. Erabakia negoziazioaren hainbat hilabetetako blokeoaren ondoren iritsi da, eta sektoreko langileen babes zabala du.
Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean egindako prentsaurrekoan, alde sozialak salatu zuen EUKI patronalak jarrera geldia mantentzen duela eta sindikatuen aldarrikapenei erantzunik eman gabe jarraitzen duela. «EUKI patronalaren aldetik betiko axolagabekeria bera sumatzen jarraitzen dugu: erabateko isiltasuna. Jarrera horrek talka egiten du sektoreko langileen indarrarekin eta batasunarekin», adierazi zuten sindikatuek.
Era berean, Lan Ikuskaritzan aurkeztutako salaketak emaitzak ematen hasi direla nabarmendu zuten. Azaldu zutenez, lehen ebazpenek arrazoia eman diote ordezkaritza sindikalari, eta sektoreko hainbat enpresari zigorrak ezarri dizkiete.
Azken asteetan jasotako babesaren hazkundea ere azpimarratu zuten. Gatazka babesten zuten elkarte, sindikatu eta gizarte-eragileei Bilboko Konpartsak, Donostiako Piratak eta Gasteizko Txosna Batzordea batu zaizkie. Erakunde horiek bertatik bertara ezagutzen dute ikuskizunak eta ekitaldiak posible egiten dituzten langileen lan-errealitatea.
«Jai duinak defendatzeak, nahitaez, bertan lan egiten duten langileen eskubideak defendatzea esan nahi du. Kultura ezin da esplotazioaren sinonimo izan», adierazi zuten.
Sindikatuek ohartarazi dute mobilizazioek jarraipena izango dutela patronalak lan-baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmen bat negoziatzeari uko egiten dion bitartean. «Enpresarien aldetik zentzuz jokatzen hasi eta langileentzako lan-baldintza duinak bermatzeko negoziazioari berriro ekiten ez dioten bitartean, borrokan jarraituko dugu».
Deitutako greba-egunak honako hauek dira:
- Abuztuak 5, Araban (Gasteizko jaietan).
- Abuztuak 14, Gipuzkoan (Donostiako Aste Nagusian).
- Abuztuak 26, Bizkaian (Bilboko Aste Nagusian).
