A25 guztiontzat, indarkeria matxisten aurka eta bizitzaren alde
Aurtengo urtarrilean, amona bat eta haren bi bilobak, 2023an senar ohiak eraildako emakume baten alabak, etxegabetu zituzten Madrilgo Villaverde auzoan, indarkeria matxistaren biktima gisa babestu behar zituzten administrazioek hori eragozteko ezer egin gabe. Carmen eta haren 11 urteko alaba ez zituen putre-funts batek etxegabetu, haren senar ohiak baizik. Bizkaiko Arrigorriagan gertatu zen, joan den urrian. Feministok hain ondo ezagutzen ditugun indarkeria matxista ekonomikoaren istorioak dira horiek. Badakigu gu ez gaituztela bankuak, patronalak edo errentistek soilik espoliatzen; baita gure tratu txar emaileek ere. Baita indarkeria matxistak bereziki emakumeen eta haurren kontra gogortzen direla.
Horregatik, joan den azaroaren 11n greba itzela egin genuen etxebizitza eskuragarriaren eta soldata duinen alde, baina ez horregatik bakarrik. Kalera atera ginen indarkeria-egoeran dauden emakumeei eta haurrei arreta emango dien sistema publiko indartsu bat behar dugulako: baliabideak, harrera-etxeak eta indarkeria matxisten bizirauleentzako arreta integrala eskainiko dituena. Armetan gutxiago gastatu eta zaintzetan gehiago inbertituko duen sistema bat.
Azaroaren 11n kaleak hartu genituen bizitzaren defentsan. Eta azaroaren 25 honetan, indarkeria matxisten aurkako nazioarteko egunean, berriro egingo dugu.
Ez gabiltza bakarrik. Mendeetako borroka eta azken urteetako esperientziak ditugu aurretik: Argentinako Ni Una Menos bezalako salaketa-mugimenduak; Espainiako Estatuko 2018ko eta 2019ko greba feministak. Me Too eta Yo También mugimenduak eta milaka emakume anonimok kontakizun komun bat eraikitzeko urteotan partekatu ditugun salaketa-istorioak. Gure kontakizuna. Indarkeria matxistak egiturazkoak direla erakusten duena.
Badakigu, halaber, ez gaituztela guztiok berdin jotzen. Bere herrialdean bizi denak eta migratu duenak ezin dutela berdin salatu edo laguntza eskatu. Egoera irregularrean edo familia-berrelkartzean dauden kideentzat handiagoa dela tratu txar emailearekiko mendekotasuna. Zaintzen dugunok jasaten ditugun kate ekonomikoek are estuago lotzen gaituztela irtetea hain zaila den indarkeria-egoeretara: zaintzeak pobretzen bagaitu, nola utzi tratu txarretako harreman bat etxebizitzaren prezioak eskuraezinak badira? Nola hautsi aita tratu txar emaile batekin, abusua eta indarkeria matxista salatzen dituzten amak eta haurrak epaitzen baditu sistemak lehenik? Nola defendatu amak jomugan jartzen dituzten eta gure haurrak kentzen dizkiguten administrazio eta epaitegien aurrean?
Horregatik guztiagatik ere aterako gara kalera A25 honetan. Anarkosindikalismotik egiten dugu, antolakuntza baita armarik ez dutenen borroka-modua. Greba borroka-tresna bat da, eta elkartasuna eta ahizpatasuna dira bidea.
Are gehiago indarkeria matxistak ukatzen dituen eskuin muturraren aurrean, feminismoen aurkako erreakzioaren aurrean. Adostasunaren, berdintasun erradikalaren eta abortatzeko eskubidearen alde; ordezko haurdunaldiaren aurka, gure bizitzen eta gure haurren bizitzen prekarizazioaren aurka, eta gure tratu txar emaileak babesten dituen bitartean gu indarkeriaz zapaltzen gaituen sistema honen aurka. Inor ez baita aske izango guztiok aske izan arte.
A25 honetan kaleak hartuko ditugu indarkeria matxistekin amaitzeko borrokan jarraitzeko. Kaleak hartuko ditugu, berriro ere, bizitzaren alde.
