EAEko ikuskizunen eta ekitaldien negoziazio-mahaiko sindikatuok jakinarazi nahi dugu azaroaren 26 eta 27rako aurreikusita zegoen greba bertan behera geratu dela, gaur bertan patronalarekin izandako bileraren ondoren.

EAEko ikuskizunen eta ekitaldien negoziazio-mahaiko sindikatuok jakinarazi nahi dugu azaroaren 26 eta 27rako aurreikusita zegoen greba bertan behera geratu dela, gaur bertan patronalarekin izandako bileraren ondoren. Emaitza hau langileek egindako borrokaren ondorio zuzena da; antolatu egin dira, tinko eutsi diote eta batasunaren eta antolakuntzaren bidez helburuak lortzen direla erakutsi dute.

Urte eta erdi baino gehiago behar izan dugu Euskadiko patronalarekin berriro biltzeko. 2025eko apirilean negoziazio mahaiko sindikatu guztiok negoziazioa uztea erabaki genuen, helburu argi batekin: enpresariei jakinaraztea bilerak proposamen zehatzekin egin behar zirela, eta, malgutasuna beharrezkoa dela ulertzen badugu ere, hitzarmena ez zela ohiko jokabideak legitimatzeko tresna bihurtuko.

Orain arteko negoziazioak oso konplexuak izan dira. Aurreabisuen eta egutegien gaia lantzean, baldintza horietan negoziatzen jarraitzeak ez zuela zentzurik konturatu ginen. Patronalak, bost egun baino gehiagoko epearekin langileak antolatzeko gai ez zela esateari eutsi zion, eta hori izan zen inflexio puntua.

Lan Ikuskaritzan hainbat salaketa aurkeztu eta sei greba egun deitu behar izan ditugu patronala, azkenean, geldirik egoteari utzi eta beste jarrera batekin negoziatzera esertzeko.

Azkenik, proposamen zehatzak eta egikaritzeko epeak jaso ditugu, eta gehien eragiten diguten gaietan aurrerapausuak lortu ditugu. Hona hemen xehetasunak:

Egutegiak ematea: etorkizuneko hitzarmenean egutegiak aldez aurretik eta ziurtasunez ematea jasotzeko konpromiso irmoa, honako hauekin:

•    Lan eta atseden egunak 6 aste lehenago jakinaraztea.

•    Ordutegiak 2 aste lehenago jakinaraztea.

•    Asteburu libreak sei hilabete lehenago jakitea, sei hilean behin.

Greba egun hauek aurrera egiteko eta negoziazioa desblokeatzeko helburuarekin deitu ziren. Horregatik, erantzukizunez jokatzeko, proposamenak eta izan zitezkeen aurrerapenak baloratzea zegokigula ulertu dugu. Beti erakutsi dugu negoziatzeko prest gaudela, eta hau da horren adibidea: aukera bat ikusi dugunean, baliatu egin dugu.

Baina argi utzi nahi dugu greba bertan behera uzteak ez duela mobilizazioak bertan behera uztea esan nahi. Konpromisoak betetzen ez badira, patronalak berriro negoziazioa luzatzen edo adostutakoa ez betetzen saiatzen bada, berriro aterako gara kalera, indar handiagoz eta inoiz baino arrazoi gehiagorekin.

Bestalde, berehalako proposamenak ere baditugu; sektoreko lan egiteko moduen adibide direnak, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzen hasiko direnak eta orain arte betetzen ez zirenak:

•    Txandak eta ordutegiak gutxienez 5 eguneko aurreabisuz jakinaraziko dira.

•    Asteburuetako (larunbat eta igande) atseden egunak hiru hilabete lehenago jakinaraziko dira (urtarrilaren 1ean, apirilaren 1ean, uztailaren 1ean eta urriaren 1ean).

Ikuskizunen eta ekitaldien sektorean lan baldintza duinen alde borrokan jarraituko dugu, emanaldi bakoitzean langileak babestuta egon daitezen eta oinarrizko lan eskubideak bermatuta izan ditzaten.

Grebetan parte hartu duten guztiei, baita greba deialdiari babesa erakutsi eta ekitaldiak bertan behera utzi dituzten talde, areto, konpainia eta, oro har, erakunde guztiei ere, eskerrak eman nahi dizkiegu.

Milesker! Borroka honek eragin izan ditzakeen eragozpenengatik barkamena eskatzen dugu.

Mobilizazioaren zergatia ulertuko delakoan gaude. Greba hauek beste irtenbiderik ikusi ez genuelako deitu genituen; espero dugu berriro deitu behar izatea.

Borrokan jarraituko dugu. Emaitza honek erakusten du langile klasearen batasuna eta indarra direla behar ditugun oinarrizko lan eskubideak lortzeko bide bakarra.

BORROKAK DARRAI!