Maiatzak 1: Jo aurrera! Mundu zaharra atzean utzi dugu eta
- CNT Hego Euskal Herriko lau hiriburuetran manifestazioak egingo ditu
- Bilbon, manifestazioa 11:30ean hasiko da Gran Vía 54-56an, eta Plaza Arriagan amaituko da, bertan mitinak eginez

Manifestatzen gara oraina sutan delako eta etorkizuna kendu nahi digutelako. Lana esplotazioa delako irten gara kalera, obedientzia bertute gisa inposatzen zaigulako, eta duintasuna ez dagoelako salgai guk aukeratu ez ditugun merkatutan.
Mundu zaharra — hierarkiarena, mendetasunarena eta beldurrarena — gure urratsen azpian pitzatzen ari da. Ez dugu kapritxoz bultzatzen, beharrez baizik. Lanaldi prekario bakoitzak, murriztutako eskubide bakoitzak, gutxi batzuen onuraren mendeko bizitza bakoitzak berresten digu sistema honek ez duela nahikoa erreformarik.
Ez dago etorkizunik desobedientziarik gabe.
Desobeditzen dugunean, agindu bidegabeak betetzeko ez ginela jaio gogoratzen dugu. Bizitza bizirautera mugatzen dela onartzeari uko egiten diogu. Nagusirik gabe antolatzea da desobedientzia, baimenik gabe antolatzea, beldurrik gabe aurre egitea. Desobedientzia ez da kaosa: ordena berri baten hazia da, behetik jaioa, horizontala, solidarioa eta askea.
Isolatuta nahi gaituztenen aurrean, komunitatea aukeratzen dugu. Otzan nahi gaituztenen aurrean, ekintza zuzena aukeratzen dugu. Nekatuta nahi gaituztenen aurrean, borroka partekatua da gure aukera.
Bakea. Lana. Iraultza.
Gaur bakeaz hitz egitea ez da inozokeria: premia bat da. Bizi garen mundua gerra eta etengabeko gatazkez josia dago, non milioika pertsona desplazatzen diren, inoiz eurenak ez diren interesen izenean ustiatuak edo sakrifikatuak. Gerrara daramaten erabakiak, sufritzen dutenengandik urrun hartzen dira, bizitza zifra huts, baliabide edo mugetan laburbiltzen duten bulegoetan.
Gerra saihestezina dela diote, munduaren ordenaren parte dela, bandoa aukeratu eta haren arauak onartu behar ditugula. Baina ezartzen diguten gerra ez da gurea. Ez dugu borrokarik egingo banderengatik, merkatuengatik edo inoiz frontea zapaltzen ez duten elite politiko zein ekonomikoen irabaziengatik.
Defendatzen dugun bakea ez da isiltasunaren bakea, ez hilerrietako bakea, ezta indarrez inposaturiko bakea ere. Behetik eraikitako bakea da, justizia soziala oinarritzat duena, benetako berdintasuna eta menderatze ororen amaiera ekarriko duena. Ezin delako bakerik eman esplotazioa existitzen den bitartean, batzuen aberastasuna besteen miseriaren mende dagoen bitartean, bizitzak boterearen eta diru irabaziaren mende jarraitzen duen bitartean.
Indarkeriarekin negozioa egin eta gerra industria bihurtzen dituen mundua arbuiatzen dugu.
Betikotzeko gatazka ezinbestekoa duten sistemei eusteko gure bizitzak instrumentalizatuak izateari uko egiten diogu.
Gure bakea elkarrekiko babesetik sortzen da, herrien arteko elkartasunetik, liskarrera bultzatzen gaituztenekiko desobedientziatik. Besteren interesengatik hiltzeari eta erailtzeari uko egiten diotenen bakea da. Antolatuz, aurre eginez eta alternatibak sortuz eraikitzen den bakea da.
Gaur, bakearen alde borrokatzea gerra eragiten duten kausen aurka borrokatzea ere bada.
Eta borroka hori — kolektiboa, kontzientea, intsumisoa — iraultza modu bat da.
Gaur, atzoko lez, anarkosindikalismoak ez du baimenik eskatzen: alternatibak eraikitzen ditu. Tokian tokiko sindikatuetan, elkar laguntzarako sareetan; greba, okupazio, kooperatiba eta kaleetan. Esplotazioa dagoen tokian, erresistentzia egongo da.
Obedientzia eskatzen badigute, errebeldiatik erantzungo dugu.
Mundu zahar honi eusten diotenek dardara egin dezatela.
Gure ahotsak entzun daitezela auzo bakoitzean, lan bakoitzean, txoko bakoitzean.
Ez gaudelako etorkizunaren zain: etorkizuna sortzen ari gara.
Gora Maiatzaren Lehena!
Gora langileen borroka!
Anarkia eta elkar laguntzaren alde!
